Donostiako Udala  
 
  Ura AGENDA 21 > Landuko diren arloak > Ingurumena > Ura  
Helburuak Egintzak Aholkuak
Behar bezala estimatzen ez den ondasun urria da ura. Gure planetako uraren zatirik handiena, %98 inguru, itsaso eta ozeanoetako ur gazia da. Ur gezari dagokionean, daukagunaren %69 glaziarretan eta betiko elurretan harrapatutakoa da; %30 lurpeko uretatik doa; eta gainontzeko %0,7 ibai eta aintziretan dagoena da. Gure planetak duen uraren %0,01 bakarrik erabil dezakegu guk.

Gainera, munduko mila eta bostehun milioi biztanlek ura eskuratzeko modurik ez duela kalkulatu da. Bestalde, oso prozesu garestia da edateko ura araztea, eta beraz, ondasun urri hau ezin dugu alferrik galdu.

Añarbeko urtegitik datorren uraz hornitzen da Donostia, eta erreserba honetako kontsumo osoaren %63 Donostiak hartzen du. Urtegi honetan bildutako uraren kalitatea altua da, eta horretarako lagungarri ditu kokapen naturala eta kudeaketa egokia, Aiako Harriko parke naturalean kokatua baitago, hau da, ia gizatiartu gabe dagoenez, etxeetako, industriako edo nekazaritzako hondakinez kutsatzeko arriskua txikia baitu.

Kokapenaz gain, Añarbeko urtegiaren arduradunak uraren kalitatea eta nahikotasuna bermatuko duten (baita lehorte bortitzetan ere) azpiegiturak mantentzen saiatzen dira. Horrela, Hernaniko Karabel putzuaren ikerketa hidrogeologikoaren txostena egitea eskatu da, beste zenbait ekimenen artean. Honek lurrazaleko eta lurpeko urak aldi berean kudeatzea posible egingo luke, sistemaren bermea hobetuko luke, eta lurrazaleko urak erregulatzeko obra berriak egin beharra atzeratuko luke. Ezohiko egoerak alde batera utzita, Donostiak edateko uraren horniketa erregularra ziurtatua du.


Donostiar bakoitzak 339 litro ur kontsumitzen du egunean. Kopuru hau, hiriko kontsumo totala (etxeko, merkataritzako, zerbitzuetako eta industriako erabilerak hartzen dituena) biztanleen kopuruagatik zatituta lortzen da.

Kontsumo hauez gain, fakturatu ez den ura ere gehitu da: parke eta lorategietako ureztatzeak, iturri publikoak, kontagailurik gabeko eraikin publikoak, kaleak urez bustitzea, kontagailuetako isuriak eta sareak dituen jarioak. Uraren jarioen erregistroaren beheranzko joeran dago, hain zuzen ere, kontsumo osoa murrizteko giltzarria. Gaur egunean, sarean gertatzen diren jarioak %25eraino jaitsi dira, Donostiako Udalak eta Añarbek hornikuntza zaharkitua berritzeko hasi dituzten ekintza ezberdinei esker.

Loiolako Kapuene harrobian dagoen Hondakin Uren Araztegia abian jartzean hiriko saneamendu-sarea osatua geldituko da. Modu honetan, araztu gabeko urak isurtzea ekidingo da (gaur egunean Uliako Murgita kalan kokatuta dagoen urpeko hustubidearen bidez isurtzen dira itsasora). Hala ere, hobekuntzak behar dituzte hiriko zenbait sektorek, eta gune landatarreko erabiltzaileen %37 bakarrik dago udalerriko saneamendura konektatua.  

Añorgako, Igarako, Tximistarriko eta Txingurriko ubideen egoera txarragoa da. Urbanizazio berriak eraikitzea eta bigarren mailako saneamendu-sarearen baldintza txarra dira egoera beltz honen arrazoiak. Badira etorkizunean hutsune hauek konponduko dituzten planak.

Gure hondartzetako uraren kalitatea ere zehaztasun handiz behatzen da: erne daude edozein prozesu kutsatzaile gertatzen bada hondartzako urek bainatzeko duten kalitateari buruz informatzeko asmoz. Kontxako badiako hondartzen arazo nagusiena noizean behin ur gainean edo ur ertzean agertzen diren hondakinak dira.

Kontsumorako ez ezik, gure bizitzako alor askotan ageri den elementua da ura. Urumeako uraren kalitatea onargarritzat kalifikatu da Monpaseko urpeko hustubidea abian jarri zenetik eta egin diren bestelako saneamendu-lanen ondoren, baina Uraren Esparru Arteztarauaren (UEA) eskakizunak gainditzeko adinako kalifikaziorik oraindik ez du lortu. Ibaia zatika behatuz gero, goi-ibarrean (Urdaburu inguruan) hondakinen isurketarik ez izatea nabarmena da, baina zenbaitetan zentral hidroelektrikoek egoera bikain hau baldintzatzen dute, ibaiko emariaren fluxua aldatzen baitute. Urumearen estuarioan, aldiz, egoera eskasa edo txarra agertzen duten bi kontrol-puntu daude.

Bestalde, ISO 14001 eta EMAS ingurumenaren kudeaketa-arauen ziurtagiriak lortu dituzte udaleko zerbitzuek, ingurumen-izaera duten irizpideak aplikatuz hondartzetan egiten den kudeaketa hobetzeko asmoz.

 

S A R T U!

Uraren diagnostikoa (171Kb)

Ihobe Udalsarea 21 Cristina Enea
idatzi FOROan
izena eman ALDIZKARIAn