Donostiako Udala  
 
  Industria eta jarduerak AGENDA 21 > Landuko diren arloak > Ingurumena > Industria eta jarduerak  
Helburuak Egintzak Aholkuak
Ingurumenaren gainean egindako erasoen erantzule izan da askotan industri sektorea, baina urteak pasa ahala, sektorearen ingurumenari buruzko kontzientziazioa handitzeari esker eta industriek sortutako kutsadura-maila kontrolatzeko aplikatu diren legeei eta arauei esker, eraso horiek murriztuz joan dira. Instalazio handiak jarduera espezializatuagoak dituzten txikiagoengatik eta ingurumenarekin errespetu handiagoa duten instalazioengatik aldatzeak ere ingurumenaren hobekuntza ekarri du.

Donostiako industri sektorearen ezaugarririk nagusiena, ingurumenari arazo handiegiak sortzeko adinako industria-sarerik ez izatea da. Fabrika handien ordez enpresa-parkeak eta teknologia-parkeak sortu dira, eta honek ere Donostiako ingurumenean eragin positiboa izan du. Dena den, udalerrian industriaren egoera egokia iristeko oraindik ere zenbait jarrera sustatu beharko dira, dagoeneko 15 enpresek ingurumenaren kudeaketarako sistema bat ezarria badaukate ere.

Etxebizitzen beheko solairu edo sotoetan kokatutako tailer txikiek sortzen dituzte arazorik gehien, jarduera gogaikarriak, osasungaitzak, kaltegarriak edo arriskutsuak burutzen dituzten horiek bereziki. Lur industrialarik ez izateak ez du tailer hauek toki egokiagoetara pasatzen laguntzen. Donostiak sei industrialde ditu, eta horietatik hiru udalerriaren mugetan kokatzen direnez, zenbaitetan ikuskaritzaren eskuduntzei buruzko zalantzak sortzen duelarik.

Burutzen diren jarduerak kontrolatzeko zailtasun honen ondorioz, esku artean ditugun datuak ez dira oso fidagarriak. Gaur egunean erregistratuta dauden 16.000 jarduera-baimenetatik 11.060k ez dute ingurumenean eraginik sortzen; bai, ordea, gainontzeko 4.940k. Azken hauen arteko 3.348ren jarduerak aktiboan daude, eta ingurumenean duten eragina kontrolatu behar da. Airearen kalitatean duten eragina oso txikia da. Isurien kasuan, aldiz, egoera arras ezberdina da, saneamendu-sarean isurtzeko baimena eskatu duten konpainiak gutxi baitira.

Sektore honetan kontuan izan behar den beste efektu bat lurraren kutsadurarena da. Lurra kutsa dezaketen 196 jarduera burutzen dira gure hirian eta 169 kokaleku (87,7 hektarea guztira) kutsatuak egoteko arriskua dago. Produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta makina-erremintaren eta ekipamendu mekanikoen eraikuntza dira lurra kutsatzeko arrisku gehien duten jarduerak.

Azkenik, hondakin arriskutsuak dira gremio eta ekoizle txikiek gainditzeke duten gaia, horrelako hondakinak ez baitituzte modu egokian kudeatzen. Neurri ertaineko enpresek, aldiz, indarrean dagoen araudia betetzen dute. Hondakin geldoek ere kudeaketa egokia izaten dute, gremio edo ekoizle txikien kasuetan izan ezik, hondakin arriskutsuekin nahastuko dutenaren aukera antzeman baita horrelakoetan.


Zoriz eta aldizka egiten diren ikuskaritzek egoera irregularrak antzeman dituzte: zegokion jarduera-baimenik gabe obra hasi edota bukatu izana, edo baimendutako jarduerak izan dituen aldaketei buruz ez jakinaraztea, esaterako. Araudia betetzen ez deneko jarduerak ez dira ia inoiz bertan behera uzten, eta hala egiten denean, aldi baterako izaten da, edo gero kontrolatzen zaila izaten den egoera legezkoago bat lortzeko epe bat ematen zaie.

Gainera, jarduera-baimenak lortzeko behar diren tramiteak murrizteko eta ingurumenean arazoak sor ditzaketen jardueren gaineko kontrol eraginkorragoa egitea errazteko, lan-sistematika berri bat beharko litzateke.

 

Jarduerak eta industria diagnostikoa (124Kb)

Ihobe Udalsarea 21 Cristina Enea
idatzi FOROan
izena eman ALDIZKARIAn